Willis Drummond – Inoren Ero Ni (Udagoieneko Ostera jaialdia 2016)

Willis Drummond - Inoren Ero Ni (Udagoieneko Ostera jaialdia 2016)


Eguna/Ordua
2016/12/22
Osteguna
21:30

Ateak eta txarteldegia 21:00etan zabalduko dira.

Aurresalmenta: 10 € (Kafe Antzokia, www.kafeantzokia.eus, www.ticketea.com)
Txarteldegia: 12 €

Udagoieneko Ostera 2016
WILLIS DRUMMOND

Tabula Rasa Willis Drummond taldearen bosgarren estudioko lana da. Lau urte iragan dira haien aurreko diskoa –A ala B (Bidehuts, 2012)- kaleratu zutenetik. Baionatik Berlineraino edo Cadizeko Supersonic aretotik Pariseko Olympia mitikoraino 200etik gora kontzertutan defendatu zuten lan hura. 2014 urte bukaeran berriz, taldeak eten mugagabea iragarri zuen hamar urteko ziklo bat hetsiz.
Bi urte beranduago Tabula Rasa berpizte baten ikurra da.
Willis Drummond ez da sekulan izan atzerako ispilura begiratzen duen taldea eta ez du urrezko arorik bilatu iraganean. Lan berri honetan, 90. hamarkadako eszena independente eta alternatiboak –Seattle, Washington, Boston, Irun–, 80etako post-punka tarteka edota Dead Boys bezalako taldeen hasieretako punk-rocka ere sentitzen ahal dira. Baina hori dena asimilatu eta liseritua izan da azkenean gehiago hurbiltzeko The New Christs, Beasts of Bourbon edo The Drones bezalako taldeen produkzio australiarretara.
Ez da harritzekoa beraz taldea justuki The Drones australiarren HAVILAH disko mitikoa produzitu zuenaren bila joan izana TABULA RASA sortzeko, Burke Reid (The Drones, Courtney Barnett…) ekoizlearengana.
Honek, zuzeneko indartsuei esker bere burua ezagutarazi duen taldearen mamia mantentzen jakin izan du, baita esentzia horri benetako produkzio lan bat gehitzen ere. Taldearen line-up-a berriki aldatu bada ere (Rafael Rodrigok taldea utzi zuen duela zenbait hilabete) Reidek jakin du egoera berria baliatzen. Baxu-bateriaren erritmika sendoa oinarri hartu ditu, gitarrak norabide berri eta ezberdin batzuetara eraman eta behar den momentuan soinu masibo horien gainetik xehetasun fin batzuk azaleratu (gitarra akustikoak, teklatuak, perkusioak, ahotsak).
Horren emaitza da disko hau. Taldea nola, lan hau ere ezin da sailkatu estilo edo eszena bakar batean, nabaritzen baita laukoteak plazera hartzen duela oszilazio batean sartuz. Estribilo efikaz batetik parte zaratatsu eta inarrosgarri batera pasatuz, letrari garrantzia ematen dion kantu batetik zati instrumental batera, murmurika batetik oihu batera, etsipenetik gaitzidurara…
Azken batean Willis Drummondez da iraganaz asko kezkatzen… ezta geroaz ere. Bere musikak, hitzekin gertatzen den bezala, oroitarazten digute betetasuna hondamenditik urrats bakar batera dagoela maiz, eta istante bakoitza abiatze berri bat dela…

INOREN ERO NI
2003an Andoainen sorturiko taldea dugu Mikel, Okene eta Drakek, BAP!! taldean elkarrekin arituak, buruan zituzten zirriborroei forma emateko berriz ere elkartzea erabaki zutenean. Denbora gutxira Borja batu zitzaien eta lehenengo entseguan ikusi zen bazela kimika euren artean. Bigarren diskoaren grabaketaren ostean Drakek taldea utzi zuen eta bere ordez Mariano hasi zen taldean ñabardura berriak emanez kantuei.
Taldean izandako azken aldaketa, berriz, baterian izan dute. Mikelek taldea uzti du, eta bere ordez, Guantxe sartu da, besteak beste, Lobo Electrico eta Señor No taldeetan ibilitako musikaria, eta egun, Capsula taldeko bateria-jotzailea.
Inoren ero ni taldearen kantuak oso landutako egiturak dituzte, non elementu bakoitzak rol kardinal bat betetzen baituen eta soinua iparorratzaren erpina baita. Elite zorrotzentzako musika, doako keinu samurrik gabea, jendetza eta olatuetatik urruti dagoena. Otsoentzako musika.
Testua: Musikazuzenean

0
Envianos un mensaje

Envianos tu mensaje y trataremos de responderte en cuanto podamos.

Start typing and press Enter to search

paraleloanbernardo-atxaga-jabier-muguruza-prentsaurrekoa-kafe-antzokia