Mursego – Mobydick
Eguna/Ordua
2014/04/26
Zuzen-zuzenean
larunbata
22:00
Ateak eta txarteldegia 21:30ean zabalduko dira
Aurresalmenta: 8 € (Kafe Antzokia)
Txarteldegia: 10 €
Zenbat Gararen Lagunak: 5€
Behin batean Maddi, gure bederatzi urteko alaba, Mursegoren kontzertu batera eraman nuen. Han geratu zen. Eta, zortzi hilabete igaro diren arren, ez da oraindik itzuli. Mikroipuin bat izan zitekeen goiko hori, Mursegoren musikak eragiten duen bahitura-sentsazioa islatzeko egokia, agian. Sinetsita bainago Mursegoren pop-ak harrapatzen duen horietakoa dela: Hiru diskoa, lehenengo kantatik hamaikagarreneraino, horren lekuko da. Eta pop-a diot, hitzaren zentzu zabal eta nobleenean: rocketik, abangoardiatik, klasikotik eta (geografia ezberdinetako) folketik edaten duen pop-a da Mursegorena; hau da, egungo musika herrikoia alegia, hemengoa, “hemen” leku guztiak direlako jada. Pop bat non hizkuntzak nahasten baitira, euskara atzerrikoa, gaztelania erbeste galaktiko batekoa eta portugesa edo suomiera (kasik) etxeko bihurtuz. Hiru entzuten bururatu zait, bestalde, euskal musikan inoiz benetako tropikalismorik existitu bada, orain eta hemen dela (“Euskadi Tropikal” haren haizeak iparraldetik etorri zirela iruditu zait niri beti…). Badago beste kontu bat, azkenik, azpimarragarria, eta aurreko diskokoekin konpartitzen dutena Hiru honetako kanta gehienek: istorio bat dutela bere baitan, ipuin bat ia; filmezale batek, ordea, diskoko kanta askoren izaera zinematikoa nabarmenduko luke, ziurrenik. Pelikulak eta ipuinak gustatzen zaizkigunontzako opariak dira, edonola ere, Mursegoren diskoak. Eta hiru dauzkagu honezkero: biblioteka txiki bat. Eta honek goiko mikroipuinaren amaierara nakar atzera. Honatx: Promoaren testuari azkeneko puntua ipini, CD jogailua gelditu eta bertatik atera dut Mursegoren diskoa. Norbait atea jotzen ari dela ohartu naiz orduan, eta, niri «Aurrera!» esateko astirik eman gabe ere, hemezortzi edo hemeretzi urteko gazte bat sartu da gelan: «Aita! Aurkitu egin zaitut, azkenean! Non ibili zara denbora honetan guztian…?». Eta Maddik, gure alabak, gainera egin dit jauzi, ni besarkatzeko asmoz.” Iban Zaldua
Mobydick-ek bere azken lana ‘Cotard delusion’ aurkezten jarraitzen du. Aldi honetan bakarlari formatuan agertzen zaigu getxoztarra, gitarra ta ahotsa bakarrik erabiliz. Gordintasuna eta intimitatea direla medio, ‘Cotard delusion’-eko abestiez gain, aurreko lanetan agertzen diren abestiak ere errepasatuko ditu.
Adina: 18 urte baino gazteagoak ezingo dira kontzertu honetara sartu.
Ordutegia: Kafe Antzokiko barran sarrerak aurresalmenta prezioan erosteko: astelehenetik-ostegunera goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:30ak arte. Ostirala 10:30etatik arratsaldeko 19:30ak arte. Larunbatetan, goizeko 12:00etatik arratsaldeko 19:30ak arte. Igandeetan itxita.