Liburu aurkezpena: “Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta”
Eguna/Ordua
2022/03/16
Asteazkena
19:00
Doako sarrera.
“Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta” da Joan Mari Torrealdai Nabeak ia amaitua utzi zuen liburua. Horren aurkezpena egingo du Joanmari Larrartek.
1990ean sortu zen Euskaldunon Egunkaria, herri ekimenari esker, eta 2003an itxi zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Euskal Herrian askotan gertatu izan den bezala, Egunkaria-ren sorrera ere oso gatazkatsua izan zen, gizartetik eratutako Egunkaria Sortzen taldearen eta garai hartako Eusko Jaurlaritzaren artean. Amaiera, berriz, guztiz bortitza: Guardia Zibilak itxi zuen, eta bertako hainbat arduradun atxilotu, torturatu eta kartzelara bidali zituzten.
Joan Mari Torrealdaik bere larruan bizi izan zuen prozesu osoa. Sorreratik hartu zuen parte Egunkaria Sortzen-en, hasieratik izan zen Administrazio Kontseiluko kide –bertako lehendakari ere bai azken urteetan–, eta atxilotutakoen artean zegoen. Liburu honetan, hori dena kontatzen du, sorreratik itxierara eta ondorengo epaiketara arteko ibilbidea. Bere bizipenetik abiatutako kontaketa da, gogoeta pertsonalekin osatu eta aberastua, eta BERRIA, Elkar eta Jakinek elkarlanean argitaratua.
Antolatzaileak: BERRIA, Elkar, Jakin eta Zenbat Gara.