Jabier Lauzurika “Apolo”ri gorazarre
Eguna/Ordua
2015/07/09
osteguna
20:00
Antolatzailea: Zenbat Gara Elkartea
Jabier Lauzurika lagun eta lankidea uztailaren 4an joan zitzaigun, ustekabean, abisatu gabe, agur esateko aukerarik eman gabe.
Hainbat saltsatan ibilia zen Apolo. Urte luzez Gabriel Aresti euskaltegian euskara irakasle, Zenbat Gara elkartearen eraketan berebiziko rola izan zuen, Kafe Antzokiaren sorreran bezala. Ondoren, kultura kezkak komunikabideen sustapenera eraman zuen, Bilbo Hiria irratiaz gain, Bilboko euskarazko tokiko telebistarena kasu.
Durangon zeuzkan erroak Jabi Lauzurikak, Tabirako Ibaizabal erreka mehearen ibarretan. Bizitzak sorterriko ibaian behera eramanda, aspaldion Bilboko baldosa bustietara moldatuak zituen oinazpiak, egunerokoak, eginak eta egin asmoak bertan izanik, euskararen inguruan eta euskaraz beti. Bihotza, berriz Baxenafarroako Arrosan zuen Apolok. Bertan zela joan zaigu, 55 urterekin, maite zituen pentze eta bidexka artean zebilela.
Apoloren falta sumatuko dugu, Zenbat Garako arlo ugaritan: Bilbo Hiria irratiko mikrofonoetan, Potto eta Zeingou asteburuan? saioetan, Ibaizabal magazinean… ; era guztietako jai eta bilkuretan prestatzen zizkigun bertso-paperak; bere bertsolaritzaren inguruko hitzaldiak; gizarte eta politika gaiak aztertzean isiltzen ez zituen kritika zorrotzak; Algara konpartsako otorduetan prestatzen zituen plater gozoak… Bere umore garratz eta irreberentea gogoratuko dugu ororen gainetik.
Bertsozale porrokatua genuen Apolo, hamaika bertso-saio antolatutakoa eta bertsolaritzaren gaineko Potto saioaren bultzatzailea. Bilboko Potojorran bertso-eskolan ere bere falta sumatuko dute, Iñakiren tabernako ostegunetako bertso-bilkura heterodoxoetan eta bere bat-bateko zein paperezko bertso-libelo zirikatzaileetan.
Agur, Apolo, ez zaitugu inoiz ahaztuko. Zuen azken Potto-n zenioten legez: Egindakoaren damurik ez!