Josu Bergara: disko berriaren aurkezpen prentsaurrekoa
Eguna/Ordua
2018/05/30
Asteazkena
10:00
Goiko aretoan.
Doako sarrera
JOSU BERGARA
Disko berriaren aurkezpen prentsaurrekoa
Josu Bergara Aretxabaleta bakarlariak (Ean jaioa, Bizkaian, 1979. urtean) diska berria Urdulizko Tio Pete estudioan grabatu du. Zazpi musikarien laguntzarekin, bederatzi abestiz osatutako lana gauzatzea lortu dute.
Bergararen abesti berrietan doinu akustikoak eta zuzenekoak sekulako garrantzia izango dute, oraingo honetan, bandako musikari bakoitzaren fintasuna eta samurtasunari protagonismo berezia eskaini nahi izan diotelako.
Grabazio guztia zuzen-zuzenean egin dute, musikari guztiak elkarrekin aritu dira sesio akustikoetan. Bitxikeri bat azpimarratzeko, grabaketa egunetan soilik estudioan erabiliko den koladun piano bat alokatu dute. Horrez gain, jazz musikaren eragina nabaria izan da, batez ere pianoa, kontrabaxua eta bateria-joleen lanean.
Abestien hitzetan eta melodietan ardatz poetiko argiak sumatzen dira, eta oinarri literarioak letra ezberdinetan igarri daitezke. Horrez gain, kantuegileak gai anitzak jorratzen ditu: batzuk nahiko xelebreak: aitatasuna eta deskonexio teknologikoa, adibidez. Beste batzuk ohikoagoak euskal kantagintzan, adierazpen askatasuna eta zenbait gai sozial edo politikoak hizpide dutenak,
esate baterako.
Bergararen bandan eskarmentu handiko musikariak daude: Nerea Alberdi Etxebarria, bibolinjolea eta konpositorea; Mikel Nuñez Lauzirika pianojolea; Irati Bilbao Gandarias abeslaria; Daniel González Álvarez baxujole eta kontrabaxujolea; Lüi Young gitarjolea eta Txema Arana baterijolea.
Produkzio musikala bilboko Dr. Maha´s Miracle Tonic taldeko abeslariaren ardura izan da: David Sanchez Damián. Bestalde, grabaketa estudioaren teknikaria Unai Mimenza izan da.
Grabazio sesioetara artista eta gonbidatu bereziak ere gerturatu dira, Gaizka Peñafiel trikitilaria, Naroa Gaintza abeslaria eta Rayco Sanchez Raperoa, besteak beste.
Josu Bergarak apustu handia egin du diska berriaren autoekoizpen, grabazio eta produkziorako. Emaitza ekainean aurkeztuko dute, Bilboko Kafe Antzokian.