KUTXA BELTZA: Liher (goiko aretoan)

KUTXA BELTZA: Liher (goiko aretoan)


Eguna/Ordua
2017/03/16
Osteguna
20:30

Goiko aretoa. Ateak 20:00etan zabalduko dira.

Doako sarrera

LIHER
Rock zaharkituak sorrarazten duen lilura-atmosfera erakargarriarekin koipezten du Liher laukoteak zapaltzen duen eszena oro; publikoa lehendabiziko zitako aurreneko unetik limurtzeko gai diren horietakoak dira Iñigo Etxarri (Gitarra, perkusioa, koroak. Naizroxa, Anai-Arrebak), Joshka Natke (Baxua. Txemak, Physis), Ekaitz Otxoa (Bateria. Emon) eta Lide Hernando (ahotsa eta gitarra).
Hauts du izena taldearen lehen lan luzeak, autoekoitzia, 2016ko ekainetik abuztura bitarte grabatua eta nahastua. Geure buruak ispilu deserosoetan begiratzeko gonbitea luzatzera datozen 9 kanta biltzen ditu diskoak, barrenak astintzen dizkiguten zalantza eta kontraesan sakonenez ari baita Liher: askatasunari diogun beldurraz, eta beldurraren sedukzioaz aldi berean; barru-barrutik jaiotzen diren deserriez, autoengainuaz; askotariko kaiolez, kontzientziarena barne; inozentziaz eta manipulazioaz; maitatzearen minaz; denboraren iraganaz, eta izatearen beraren hauskortasunaz, finean.
Batzuetan emeki eta bortizki bestetan aritzen den ahots ezti-goxo baina sendoa da banda honen zigilu adierazgarrienetako bat, Lide Hernandoren soul ukituko jolasek osatzen baitituzte oinarri rockero ukaezina duten abestien doinu indartsuak. Blues eta pop grina ere irakur daiteke akorde/lerro artean, Dan Auerbach, Beth Ditto, John Frusciante, Omar Rodriguez-Lopez, John Mayer edota Janis Joplin bezalako erreferentzia itzeletatik edaten baitute.
Lide Hernandok jarri zuen egun Liher bilakatu den proiektuaren lehen hazia. 2015eko udaberrian hasi zen bakarlari gisa kontzertuak ematen, eta garai berean Arrazoi gutxi Denbora Asko maketa grabatu zuen Zaldibiako HaizeBazterrak sorkuntza espazioan. Donostia inguruan gitarra akustikoak lagundurik zenbait zuzenekotan aritu ostean, urte bereko azaroan taldea estreinatu zuen Gazteszenako Ez dok Amaitu jaialdian. Orain proiektua sendotu da, Hauts proposamena borobildu dute eta, modu batean ala bestean, musikaz eragiteko eta asaldatzeko gogotsu heldu dira.

Testua: Igone Mariezkurrena

0
Envianos un mensaje

Envianos tu mensaje y trataremos de responderte en cuanto podamos.

Start typing and press Enter to search

vocoder_club_otsaila-2017-kafe-antzokia-webstereorocks-random-apocalypse-daniela-la-luz