Su Ta Gar
Eguna/Ordua
2016/10/29
Larunbata
22:00
Ateak eta txarteldegia 21:30ean zabalduko dira.
Aurresalmenta: 15 € (Kafe Antzokia, Ticketea, www.kafeantzokia.eus)
Txarteldegian: 18 €
SU TA GAR
Liturgia hasi egin da: bi gitarraz jotako rif bat, gitarra elektriko bat akustiko baten gainetik; istant batzuetan, aurrera doa rifa, motozerra balitz bezala; orain, baxua eta bateria hasi dira… eta, jada, hau guztia geldiezina da. Horrela hasten da Su Ta Gar taldeak estudioan grabatu duen hamargarren lana; Ez Etsi Orain abestiaren lehenengo 40 segundoetan, taldearen funtsa bildu da: setazko eskularrua, burdinazko ukabila; gainerako segundoetan, ñabardurak eta erritmoaren aldaketak datoz, baita borrokatzeko, amore ez emateko eta idealak (adiskidetasuna, maitasuna, elkartasuna…) defendatzeko deia ere. Ospakizunezko 25 urte izan dira; mende laurden bat, lehenengo kontzertu hura eman zutenetik; hamar abesti berri dira, atsedenik gabeko 40 minutuan. Su Ta Garrek eutsi egin dio duela zazpi urte hartu zuen bideari, hots, diskoa berek ekoizteak ematen dien askatasunari; eta, beste behin ere, Aitor Ariñoren eskuetan jarri dira. Aitor Ariño konfantzazko ohiko laguna da Berrizko Lorentzo Records-en, eta, hein batean, hura da laukotearen soinuak duen sendotasunaren erantzule. Eibarko bandak berriro ere diseinatu du bere kutsua daraman sekuentzia bat: Ez Etsi Orain, Poema edo Bihotzeko Su Gar Hau abestien heavy klasikoenetik, Txakurrak Solte edo Bizirik Gaude abestien erritmo zoro eta suntsitzaileetara; erritmo horiek Nazkatu Naiz abesti engainagarrian ere badaude; hasieran balada bat dela ematen badu ere, amaieran amorruak jaten baitu. Errusiar mendi horretan, rockmusikagileek balada batean hartzen dute arnasa; Zure Argia gozamen akustiko hutsa da erdialderaino, eta, amaierako crescendoan, Aitorrek mugaraino eramaten du ahotsa, eta Zure Baitan amaitu. Zure Baitan melodiaren sarrera oso originala da, eta irratiko hit baten nolabaiteko ezaugarriak ditu. Bizirik Gaude laneko testuek ohiko iturrietatik edan dute: Aitor Gorosabel testu gehienen egilea den arren, Borxa Arrillaga eta Iker Rocandio ohiko bi laguntzaile literarioek ere parte hartu dute. Abesti batzuk Euskal Herriari eta euskarari buruzkoak dira, baina ikuspegi zabalago batetik ere jorratu dute borroka: bizirik jarraitzeko borroka, sentimenduen borroka, nork bere arimari begiratzea. Askotan, “beldur” hitza aipatzen da, baina, beti, haren kontra egiteko; dena den, adore emateko oihuetatik harago, esker ona ageri da, gurasoei jasotako herentziarengatik, lagunari bere laguntza eta gogoarengatik, bikotekide maiteari “eztabaidak gorabehera, ondoan egoteagatik”, baita musikari ere, Zure Baitan abestiaren lerro artean irakurtzen baldin badugu. Su Ta Garrek borrokaren eta besarkadaren arteko oreka, setazko eskularrua burdinazko ukabilean, bilatzen du Aitorren ahotsa mugaraino eramanez, beraren gitarrak eta Xabi Bastidarenak lehia odolgabean elkarri lotuta daudela, eta Igor Díezen baxuak eta Galder Arrillagaren bateriak osatzen duten tren erotu eta eutsiezinaren oinarri erritmikoaren gainetik; gainera, guztiek abeslariarekin batera egiten dituzte koruak, batailako jarrera, gorputzez gorputzeko borroka, guztiek partekatzen dutelako. Eta denbora latzez eta errebeldiaz, hizkuntzaz eta lurraldeaz, igitaiaz eta mailuaz, mezara egunero joaten diren txakurrez eta frankistez, adiskidetasunaz eta besarkatzeaz mintzatu ondoren, Su Ta Garren ondorioa hauxe da: bizirik daude. 25 urte ez da ezer, tangoak dioen bezala. Eta taldeak disko berri honi ekiteko erakutsi dituen kemena eta konfantza ikusita, hauxe besterik ezin da esan: beste 25 urtez izango ditugu, gutxienez!
testua: Joseba Martin La Jungla Sonora/Radio Euskadi