Kamiseta lehiaketaren sariak banatu ditugu
Kafe Antzokiaren 20. urteurrenaren harira antolatutako kamiseta lehiaketaren hiru diseinurik onenak zeintzuk izan diren jakin genuen atzo arratsaldean, Kafe Antzokiko agertoki gainean egindako ekitaldian. Lehenengo saria Aitziber Akerretak (Donostia) eskuratu zuen, bigarrena Aritz Ibañezek (Iruñea) eta hirugarrena Paula Suarezek (Xixon, Asturias). Zorionak hiru diseinatzaileei!
Lehiaketaren arauetan zehazten zenez, bozketa bidezko lehenengo fasearen ostean aukeratutako 20 diseinu finalistak iragan astean bildu zen epaimahaiaren erabakiaren zain geratu ziren, eta, esan bezala, atzo jakinarazi zuen epaimahaiak hiru diseinu onenak zeintzuk izan diren. Hurrenez hurren, hauek dira saritutako hiru diseinuak eta bakoitzaren azalpena.
1. saria, 1500€
Aitziber Akerreta (Donostia, Gipuzkoa): “Kafe Antzokia 20 urtez topaleku”
Azalpena: “Kafe Antzokia 20 urte hauetan aniztasunerako topaleku izan da. Euskal kulturatik abiatuta adin, kultura eta gustu guztietako jendeari harrera eginez. Gauak eta antzokiak ikasleak, poetak, parrandazaleak, kultur giroko jendea, musikariak, hemengoak, hangoak, erasmusak, dantzariak, ligatzera doazenak, mozkortzera doazenak, jendea ezagutzera doazenak, gaztetxoak, gazteak, helduak, jende bitxia, artistak… Guzti-guztiak elkartzen ditu. Euskal herritik mundura zabaltzen den topaleku handi eta eskuzabala. Hori da, hain zuzen, marrazki honetan adierazi nahi izan dudana. Horrexegatik, jarri ditut hainbat pertsonaia desberdin topa egiten; antzokiaren 20. urteurrena ospatzen eta antzokia topaleku bilakatuz berriz ere.
2. saria, 1000€
Aritz Ibañez (Iruñea, Nafarroa): “Gure aitaren etxea”
Azalpena: Gabriel Arestik idatzi zuen “Gure aitaren etxea” poema. Gabriel Arestiren izena darama, gure-zuen etxe honetako euskaltegiak ere. Eta euskal etxeek atarian dute, harrian zizelkatua, bere izena eta eraikuntza data. Kafe Antzokiak ere behar zuen bere harria, kamiseta bihurtua, kasu honetan.
3. saria, 500€
Paula Suarez (Xixon, Asturias): “Antzokia”
Azalpena: “Kafe Antzokiaren estilo modernoena nabarmenduz gazteen artean ezaguna, gaztea, dibertigarria eta batez ere musikazaleen topaleku. Koloretako bafleen gainean Kafe Antzokiaren letrak dantzan ipini ditut”.