Zazpi Kale saria jaso du Kafe Antzokiak Liburu Azokan
Bilboko Liburu Azokaren ekitaldien baitan, Zazpi Kale saria jaso zuen atzo Kafe Antzokiak. Kulturaren alde azken 20 urteotan Bilbon egindako lanagatik nabarmendu nahi izan du Kafe Antzokia Liburu Azokak. Euskadiko Liburu-Ganbararen ordezkari Asier Muniategik adierazi zuenez, “duela 20 urte utopia zena gauzatu eta gaur egun errealitatea da Bilbon, musika, hizkuntza, gastronomia eta kultura adierazpide guztiak jasotzen dituen tokia, eta geu ere euskara garatzen saiatzen garelako eskertu nahi genuke Kafe Antzokiaren lana.
MikelUrbeltzek jaso du saria Kafe Antzokiaren izenean eta gogora ekarri nahi izan du utopia horren atzean jende asko dagoela, “20 urte hauetan, lan talde horren guztiarena da”. Bereziki Teo Etxaburu gogora ekarri nahi izan zuen, “berak izan zuelako kultura gunea Bilboko zentroan euskara eta euskal kultura duintasunez ezartzearen ametsa eta utopia hori gauzatu delako”.