“Larre motzean” dokumentalak Invisible jaialdian euskarazko film onenaren saria jaso du
Larre motzean film dokumentala izan da aurtengo Cine Invisible – Film sozialak jaialdian euskarazko filmik onenaren saria jaso duena, Kafe Antzokiak babestutako saria hain zuzen ere. Larre motzean filmak Euskal Herriaren garapen eta hazkundea bultzatu duten emakumeak ezagutarazi nahi ditu. Dokumentalak baserrietako bizimodua aurkezten du: atsedenik gabeko lana, ameskerietarako astirik eza eta uzta nahiz erditzeek zehaztutako denbora.
Nagore Ezeizak eta Patricia Poncek zuzendutako 25 minutuko dokumental hau jatorriz euskaraz filmatuta dago eta bertan Justina, Evarista, Aurelia eta Ana ezagutuko ditugu. Beste hainbatek bezala, beraiek atera dute aurrera familia eta baserria, sarri diru saririk, aitorpenik eta eskubiderik gabe. Baserriko emakumeak txalotzen dituen dokumentala da Larre motzean eta espero dugu aurki gurean ikusi ahal izatea. Zorionak egileei, egindako lanagatik eta sariagatik!