Gipuzkoako urrezko domina Juan Antonio Urbeltzentzat

 In Albisteak

Juan Antonio Urbeltz dantza eta folklore ikertzaileak jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina. Gaur goizean Diputatuen Kontseiluan Foru Aldundiak ematen duten errekonozimendu gorena Urbeltzi ematea erabaki dute, honek egindako “ekarpen emankor eta aberatsagatik”. Marian Arregik, Juan Antonio Urbeltzekin batera musika tradizionalaren arloan egindako lana ere goraipatu nahi izan dute Foru Aldunditik, folklorearen ikerkuntzan urte luzez egindako ekarpenak bien eskuetan jarrita. Azken 20 urteotan Bilboko Kafe Antzokian bidelagun izan ditugu Juan Antonio eta Marian, euren seme Mikelekin batera, hilero-hilero egiten den Urbeltzen Dantza Ganbararekin.

dantzaganbara

Gaur bertan dantzan. eus webgunean argitaratu denez, saria Argia dantza taldeko zuzendariari emateko arrazoien artean bost nabarmendu ditu Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak. Horien artean dantza alorrean daukaguna ezagutzeko Urbeltzek egindako lana azpimarratu du lehenbizi, gerrak eragindako haustura gaindituta ikerkuntza eta landa lanaren bitartez trasmisioa mantentzea lortu baita. 1980eko hamarkadatik aurrera egindako sorkuntza lanak ere azpimarratu ditu, zeintzuetan“modu serio eta sakonean sortzea posible dela” erakutsi duen. Euskal Herriko beste zenbait dantza talderekin egindako elkarlana eta dantzaren dibulgazioan egindako lana handia kontuan izan dute saria berari ematerako erabakia hartzeko orduan eta balore sendoetan oinarrituta egindako ibilbidea eta ekarpenak egin dituela azpimarratu dute.

Juan Antonio Urbeltz saritzearekin batera euskal dantzaren sektore osoari errekonozimendua adierazi nahi izan dio Gipuzkoako Foru Aldundiak“euskal komunitate kohesionatu bat sortzeko dantzak egin duen ekarpena sekulakoa izan delako”.

Kafe Antzokitik ere zorionak eman nahi dizkiogu, beraz, aitortza berezi honengatik Bilbotarrok dantzan jarri gaituen maisuari. Izan ere, dantzak ikertu eta berreskuratzeaz gain, dantza taldeak sortu eta bultzatzeaz gain, dantzen alderdi eta sustrai etnografikoak ikertzeaz gain, euskal dantzak hurbilarazi dizkigulako oinezko dantzazaleoi. Bilboko dantzari trebe zein baldarrok hilero elkar hartuta dantzan egiteko aukera irekia izan dugu azken urteotan Urbeltzen Dantza Ganbararen bidez, eta hori ekarpen izugarri garrantzitsua izan da gure azken 20 urteotako ibilbidean.

Recent Posts

Leave a Comment

Contact Us

We're not around right now. But you can send us an email and we'll get back to you, asap.

Start typing and press Enter to search