Oraina Kontakizun -Erresistentziak-. Anjel Lertxundi + Danele Sarriugarte. Moderatzailea: Ana Galarraga. (Kutxa Beltza aretoan)
Eguna/Ordua
2024/02/06
Asteartea
19:30
Erresistentzia kontzeptuari erreparatuko diote 2024ko solasaldiek, aurtengoek errelatua aztertu zuten moduan, euskal sortzaileak binaka gonbidatuta, bakoitzak gaia bere ikuspuntutik garatu eta, ondoren, aurkezle-eragile baten galderei jarraituta. Lehen edizioan bezala, lau saio izango dira urtarrilaren 23a eta martxoaren 5a bitartean, bi Kafe Antzokian eta beste bi Bira kulturgunean.
Joan den ikasturtean, Zenbat Gara elkarteak eta BIRA kulturguneak “Oraina kontakizun” jardunaldiak antolatu zituzten, 2023ko otsail-martxoetan. Zortzi lagunek (Lorea Agirre, Harkaitz Cano, Mari Luz Esteban, Lur Albizu, Txabi Landabidea, Katixa Agirre, Jule Goikoetxea, Maialen Lujanbio) hausnartu eta eztabaidatu zuten gaur egun horrenbeste entzuten eta erabiltzen dugun errelatu hitzaren gainean: nola sortzen da errelatua? Nork kontatu ahal du? Nork ezin du? Zelako kontakizuna dugu honen eta horren inguruan?… Jardunaldi haietan bildutako zenbait gogoeta argitaratu berri dira Durangoko Azokan, liburuxka formatuan.
Ikasturte honetan atzera ere ibili nahi dute bide horretan barrena. Jarraitu nahi dute kontatzen eta entzuten, erresistentzia hitzaren inguruan oraingoan. Bi adiera ditu erresistentzia hitzak. Bateko, oztopoa, traba, zailtasuna, mesfidantza, errezeloa… aski negatiboa. Besteko, iraun, bizi, aurrera jarraitu, sortu… positiboa.
Saio bakoitzean bi sortzaile arituko dira solasean, euskaratik eta euskaraz. Nork bere talaiatik abiaturik, erresistentzia hitzaren bateko eta besteko adieretan sakonduko dute eta, ondoren, euren artean eta publikoarekin solastatzeko aukera izango dute moderatzailearen eskutik. Ikusle kopuru mugatua izango da, 90 lagunekoa, eta aldez aurretik eman beharko dute izena [email protected] helbidera idatzita. Lau saioetarako matrikularen prezioa 25 € da (20 € langabeak eta ikasleak). Sarrera eta aurreko jardunaldien liburuxka 30 €
**Saio bakoitzerako sarrerak bakar-bakarrik jarriko dira salgai baldin eta aforoa ez bada betetzen matrikulekin.